EUSKAL LANGILEEN EZKERRA, 2027tik aurrera hauteskundeetan euskal langileak defendatuko dituen alternatiba

EUSKAL LANGILEEN EZKERRAko afiliatuak alderdiaren kartelekin Ondarretako Zubimusu parkean, Donostian

EUSKAL LANGILEEN EZKERRAk alderdi politiko gisa erregistratzeko izapideak amaitu ditu, 2027an Euskal Herriko hauteskundeetan aurkezteko. Ezkerretik erantzungo die euskal gizarteak dituen arazoei: etxebizitza-arazoari, soldata apalei, zerbitzu publikoen okertzeari, segurtasun faltari eta kontrolik gabeko immigrazio masiboaren ereduari. Elkarlotutako faktore horiek eskuin muturraren gorakada ekarri dute Espainiako Estatuan, eta gurean herri-interesak abiapuntu hartuta heldu behar diegu arazo horiei.

Alderdi berriaren izena eta logoa ekitaldi batean ezagutarazi dituzte; bertan, dozenaka afiliatuk oroitzapenerako lehen argazkia atera dute Donostiako Ondarretako Zubimusu parkean. ELE-Nafarroako arduradun Joan Mari Beloki eta Jexux Buldain izan dira lehen prentsa-oharra irakurtzeko arduradunak, Batzorde Eragileko presidente Joseba Iturriarekin batera. Honek nabarmendu duenez, “zuzendaritzako bi kide hauek alderdi berriaren eredua dira. Leitzako bi pertsona, bata ezker abertzalean ibilbide luzea duena eta bestea politikan inoiz aritu ez dena, proiektura batu dira elkarrekin lan egiteko euskal gizarteak bizi duen larrialdi-egoeraren aurrean; izan ere, bere nortasuna, euskara eta eredugarri egin duen guztia galtzeko mehatxupean dago”.

Gaineratu duenez, “Alpeen kontra bukatu zen hegazkinen suizidaren egoera datorkit burura. Denok inplikatu beharko genuke alderdi politiko tradizionalak agintetik kentzeko eta norabidea aldatzeko, Euskal Herriaren suntsipena saihesteko”.

E.L.E. ezkerreko alderdi abertzalea da, woke korrontearen aurkakoa, eta euskara eta euskal kultura defendatzen ditu. Sentsibilitate guztietako jendearengana iristeko asmoa duena, euskal gizartearen zati handi bat ohiko politikariengandik urruntzeari erantzuteko. Politikari guzti horiek langileen arazoak, batez ere gazteenak, larriagotu dituzte gobernuetan egon direnean edo beste alderdi batzuen gobernuak babestu dituztenean. Gainera, Europa gerra batean sartuta egotearen alde daude. Gerra horrek kalte ekonomikoa eragiten die herritarrei, energia eta erosketa-saskia garestitzen dituelako, eta kontinente mailako gerra batera eraman gaitzake.

EUSKAL LANGILEEN EZKERRA alderdiak lana eta familia-bizitza uztartzeko laguntzak eta politika aktiboak babesten ditu, baita herritar gisa indartzen gaituzten era guztietako komunitateei laguntzeko neurriak ere. Komunitate horien artean daude, bikoteaz eta familiaz gain, kultura eta kirol-elkarteak, sindikatuak eta gizartean parte hartzeko eta elkarrekin jarduteko bestelako elkarte eta taldeak.

EUSKAL LANGILEEN EZKERRA hauteskundeetara aurkeztuko da, arazo horietarako sistema honi eusten dioten alderdienak ez bezalako konponbideak eskaintzeko. Helburua da Euskal Herria Katalunian bizi duten egoerara ez iristea. Katalunia da betidanik Euskal Herriarekin antzekotasun gehien izan dituen nazioa. Dagoeneko, Kataluniako biztanleen % 26,1 Espainiako estatutik kanpo jaioa da, hau da, bi milioi lagun baino gehiago. 45 urtetik beherako bartzelonarren % 59ren kasuan, pertsona bera edo haren gurasoetako bat gutxienez Espainiako estatutik kanpo jaio da. Inkesten arabera, latinoen ehuneko handi batek VOXi botoa emateko asmoa du. Horrek erakusten du immigrazio masiboaren ereduak eurei ere Kataluniako gazteei eta emakume langileei bezainbeste kalte egiten diela. Eredu horrek eskulan merkea nahi dutenei bakarrik egiten die mesede, eta irmoki baztertzen dugu.

E.L.E. alderdiak bi arazo nagusiei, etxebizitzari eta kontrolik gabeko immigrazio masiboari, eta euskal gizartearen gainerako beharrei erantzuteko konponbideak eskaintzen dituen programa aurkeztu du. Egungo politika okerrak pairatzen dituzten herritarrak alderdi honetara biltzera animatu nahi ditugu, politika horiek aldatzen saiatzeko. Horregatik, gure webgunearen, e-posta eta sare sozialen bidez gurekin harremanetan jartzeko gonbidapena luzatzen diegu. Nafarroako Parlamenturako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta ordezkaritza lortzeko behar besteko oinarria dugun udal guztietarako hautagai-zerrendak aurkeztea dugu helburu. Espainiar Estatuko beste herri batzuetan bizi diren pertsona eta kolektiboak ere gurekin harremanetan jartzera gonbidatu nahiko genituzke, ekimen hau beren lurraldeetara ere zabaltzen laguntzeko.

EUSKAL LANGILEEN EZKERRA alderdiak konplexurik gabe defendatuko du euskal herritarron bizimodua hobetzeko aurkezten dela, alderdi katalan batek katalanak defendatu behar dituen bezala, eta alderdi marokoar batek, marokoarrak. Horren ildotik, ezkerreko alderdi abertzalea garen aldetik, arreta berezia jarriko dugu etxebizitza-arazoak eta segurtasun falta gehien pairatzen dituzten langileengan eta diru-sarrera apalenak dituztenengan, euren egoera hobetzeko.

Nahiz eta egungo migrazio eredu honi kritika zorrotza egiten diogun, E.L.E. alderdiak Euskal Herrira etorri diren langile etorkinen giza eskubideak eta lan-eskubideak defendatuko ditu, eta enpresaburu askok atzerriko eskulan hori erabiliz lortzen dituzten etekin artifizialen aurka egingo du. Asilo-eskubidea ere defendatuko du. Errefuxiatuen banaketa proportzional oro babestuko dugu. Migrazio-prozesua modu ordenatuan eta traumarik eragin gabe mugatu eta murriztearen alde egingo dugu.

E.L.E. alderdi subiranista da eta autodeterminazio eskubidearen bidez euskal gizartea ados baldin badago Euskal Herriaren independentziaren aldekoa da. Horregatik, esparru guztietan borrokatzea izango dugu helburu, euskal herritarrei eragiten dieten erabakiak hemen har daitezen. Adibidez, lurralde bakoitzari dagokio har dezakeen immigrazioaren ehunekoa zehaztea. Gaitzetsi egingo dugu Espainiako Gobernuak hori eragoztea eta euren jatorrizko herrialdeen garapenari laguntzeko han bertan trebatu beharko liratekeen pertsonak hartzera behartzea.

EUSKAL LANGILEEN EZKERRAren aurkezpeneko prentsaurrekoa Donostian

← Berri guztiak