Sarrera
EUSKAL LANGILEEN EZKERRA euskal herritarren interes indibidualak eta kolektiboak, herri gisa dugun nortasuna, garapen sozial eta ekonomikoa, eremu soziokulturalean arrazionaltasuna eta interes korporatiboak interes orokorren mende jartzea defendatzen dituen talde politikoa da.
Politika publikoek garapen soziala eta ekonomikoa bultzatu behar dute enpresa handien interesen menpe egon ordez, eta herritarrak babestu, pertsonak elkarren aurka jartzen dituzten eta komunitate oro sostengatzen duten balio partekatuak desegiten dituzten kultura korporatiboen aurrean.
Ekonomia mistoko eredu berria defendatzen dugu, egungo eredu neoliberal agortua gaindituko duena. Bermatu nahi dugu enpresa handien interesek gobernuen jarduna baldintzatuko ez dutela. Bestetik, defendatzen dugu garapena eta teknologia herri interesen aldekoa izan behar dela eta herriak kudeatu behar dituela. Zehazki, ondorengoa defendatzen dugu:
Enpresa publikoaren pisu handia sektore estrategikoetako eta kapital intentsiboko enpresa handietan. Gainerako jardun ekonomikoan jabetza mota desberdinak onartu eta bultzatzea: publikoa, pribatua, kooperatiboa, komunala edo mistoa.
Migrazio politiken eremuan arrazionaltasuna berreskuratzea defendatzen dugu. Azken hamarkadetako migrazio prozesua kontrolik gabeko lan esplotazioan eta euskal gizartearen zatiketan eta suntsipenean oinarritu da. Migratzaileen giza eskubideak eta lan eskubideak defendatzen ditugu, eta, aldi berean, zalantzan jartzen ditugu prozesu horren bidez lan merkatua suntsitzen ari diren eta gure etorkizun sozial, kultural eta politikoa larriki mehatxatzen ari diren interes enpresarial eta politikoak. Ezinbestekoa da bizi dugun migrazio eredua lehenbailehen geldiaraztea eta bideratzea, beti ere migratzaileen duintasuna eta giza eskubideak erabat errespetatuz.
Positiboki baloratzen dugu herrialde emergenteak egiten ari diren bidea mundu multipolar baterantz. Defendatzen dugu herrialde bakoitzak bere herritarren garapenaren eta ongizatearen aldeko apustua egitea, gobernuak interes korporatiboen presiotik aske egotea. Zentzu horretan, negatiboki baloratzen ditugu NATOko kide izatea eta egungo armamentu eskalada.
Euskal Herriaren eta bertako herritarren burujabetza sustatuko dugu. Gure bizitzan eragina duten erabakiak hemen hartu behar dira, euskal herritarrok hartu behar ditugu, eta ez korporazio handien, nazioarteko erakundeen edo aliantza militar arrotzen bulegoetan. Burujabetza ekonomikoa, energetikoa eta elikadurakoa ere izan behar da. Beharrezkoa da gure energia eta gure elikagaiak hemen ekoiztea, gure langileak, baserritarrak eta enpresak babestea, eta kanpoko interesen mende ez egotea.
EUSKAL HERRIA herri da, nazio nahi eta ukatua. Aspaldiko garaietan hasi zen gure herria zorioneko izan nahian eta SORIONEKO desioz hartzen bisitariak. Gerora auto-antolaketa garatu zuen herrialdez herrialde, eta herrialde guztiak elkartzeko erresuma ere antolatu zuen, euskara zela beti ere gure herriaren ardatza.
Euskal Herria ez dago hilda XXI. mende honetan. Lurralde guztietako euskal herritar anitzen erabakiz, herriak, euskarak, euskal kulturak bizirik dirau, eta bi estaturen mende sakabanaturik eta hiru administrazio desberdinetan zatiturik ere, gure herriak nazio demokratiko beregaina izateko erabaki irmoa agertzen du eguneroko borrokan.
Gaurko mundu globalizatuan eta gure testuinguru zehatzean, Euskal Herria nazio beregain demokratiko moduan antolatzeko era egokia, subiranatasuna eta autodeterminazio eskubidearen bidez, independentzia politikoa eskuratu eta estatu moduan Euskal Errepublika librea antolatzea da helburu estrategiko egokia.
Horren bidean eta gaurtik aurrera, Euskal Herriko lurralde guztiak besarkatzen dituen erakundetze politikoa antolatzea da modurik egokiena, bai estrategia abertzale eraikitzaile hori partekatzen duten alderdi politikoen, sindikalen, sozialen, zientifikoen eta kulturalen bitartez, izan ohikoak izan horretarako sortu berriak, erakundetze propioa berrantolatzeari ekinez.
Gure estrategiaren ardatzak: Euskal Herria nazio beregaina bihurtzeko bidean, naziogintza garatu; euskal herritar guztien elkarbizitza sistema orekatua eta zuzena antolatu; euskal kultura polisistema osatu, euskara ardatz; independentzia eskuratu eta Euskal Errepublika askea finkatu, beregaina munduaren aurrean eta berdintasunezko elkartasunean.
1 Etxebizitza eskuragarriak euskal langile guztientzat
Euskal Langileen Ezkerraren lehen helburua ondorengoa da: bermatzea euskal langile guztiek egungo prezioen azpitik etxebizitza duina eskuratuko dutela. Horretarako, Etxebizitza Legea bultzatuko dugu. Lege horren bidez eremu tentsionatuetan pertsona fisikoek soilik erosi ahalko dute etxebizitza eta galaraziko zaie funts putreei negozioa egitea.
Gainera, Euskal Langileen Ezkerrak etxebizitza publikoak eraiki eta sustatzeko enpresa publikoak nazionalizatzea edo erostea eta sortzea proposatzen du, etxebizitza horiek alokairu arautura bideratzeko, Austriako eredua jarraituz. Helburua da sektorearen % 30 gutxienez publikoa eta irabazi-asmorik gabea izatea.
Alokairu publikoko BOEaren aldeko apustua egiten dugu: sustapen guztietan % 50 helburu horretara bideratuz eta % 10 salmenta tasatura. Solairu gehiago dituzten etxebizitzak eraikitzea proposatzen dugu baita, eta alokairu publikoko etxebizitzak logela bat edo bikoak izatea. Euskal langile gazteak lehenago emantzipatu behar dira, bakarrik edo bikotearekin. Etorkizuneko proiektuak egonkortasunez planteatzeko gaitasuna izan behar dute beren bizitza sustraituta dagoen herria utzi beharrik gabe.
Esandakoa kontuan izanik, alokairu publikoko etxebizitza horiek eraikitzen diren herrian edo eskualdean denbora gehien daramaten 35 urtetik beherako langileei zuzendu behar zaizkie. Gehienez soldataren % 30 ordaintzeko irizpideari eutsiko zaio, aurrezteko eta etorkizunean etxe bat erosteko oinarria izateko aukera izan dezaten, eta alokairuko etxebizitza publiko hori beren herriko beste gazteei utzi diezaieten. Zentzu horretan, errotazioa sustatu behar da.
Ez ditugu defendatuko etxebizitzari buruzko lege edo errege dekretu kaltegarriak. Horiek funts putreen edo alokairu turistikorako desbideratzearen alde egiten dute. Espekulazioa geldiarazi behar da. Horrekin batera, merkatuan etxebizitza jarria duten edo jarriko duten partikularrei bermatu behar zaie jasoko dutela alokairuan zehaztutako kopurua eta etxebizitza berreskuratzeko aukera izango dutela kontratua amaitu ostean. Bestetik, kontratuak berritzearen aldeko jarrera du ELEk, KPIaren igoera muga gisa hartuta.
Euskal Langileen Ezkerrak proposatzen du erakunde publiko batek, Etxebidek eta Nafarroan antzeko batek, ahalik eta alokairuko etxebizitza gehien kudeatzea, egungo merkatu prezioaren azpitik dagoen prezio tasatua ezarriz. Etxebidek bitartekari lanak egingo ditu. Etxebizitza bere esku uzten duen jabeari ordainketa bermatuko dio eta maizterrari alternatiba bat eskainiko dio jabeak etxebizitza berreskuratu nahi duenean. Etxebidek egoera onean ez dauden etxebizitzak birgaitzea ere eskainiko du.
Eraikita dauden eta hutsik dauden etxebizitzen kasuan, neurri hauek proposatzen ditugu:
- Eremu tentsionatuetan pisu turistikoen alokairu lizentziak bi herenetan murriztea. Egungoen % 33rekin gure hiriek pairatzen duten masifikazioari ere aurre egingo diogu, baina ez dugu erabat ezabatuko hotel batera joan ezin diren pertsonak hartzeko aukera, ezta ostalaritzarako, merkataritzarako eta diru publikorako diru sarrerak sortzekoa ere. Erabilera turistikoko hiru etxebizitza baino gehiago dituzten sozietateek edo jabeek bi etxebizitza bideratu beharko dituzte alokairu tasatura, erabilera turistikorako mantentzen duten bakoitzeko.
- Beken bidez autobus zerbitzu publikoak sustatzea. Euskal ikasle gehienek beren unibertsitatera edo ikasketa zentrora Euskal Herriko edozein tokitatik egunero gehienez 70 minutuan joateko aukera izan behar dute. Era berean, ikasle egoitzak defendatzen ditugu, etxebizitzak helburu horretara bideratu beharrean.
- Adinekoei egoitza publiko batean sartzeko lehentasuna eskaintzea, beren etxebizitzak alokairu publiko tasatuan jartzearen truke berreskuratu behar dituzten arte.
Neurri horiek guztiek etxebizitzen salmenta prezioa jaitsi beharko lukete, baina helburu hori betetzeko eskaintza handitzea ere beharrezkoa da. Horretarako, Euskal Langileen Ezkerrak hau proposatuko du:
- Etxebizitza berria eraikitzea erraztea; horrela, gainera, alokairu publikoko etxebizitza eta etxebizitza tasatu gehiago egongo dira.
- Zergak murriztea bizitegi erabilerako eraikinetan dauden pisuak saltzean, behe-solairuetara lekualda daitezkeen negozioek erabiltzen dituztenean.
- Hutsik dauden merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzea sustatzea.
2 Langile etorkinei laguntza eta kontrolik gabeko immigrazio masiboari ezetza
Langile etorkinen eskubide zibilak eta lan eskubideak babesten ditugu. Aldi berean, gaitzesten dugu indarrean dagoen migrazio eredu neoliberala, pertsona atzerritarren inportazio masiboan oinarritua dagoena, eta helburu duena horiek eskulan merke gisa esplotatzea patronalaren interesen mesedetan. Atzerritarrak immigrazio eredu masibo eta kontrolik gabekoaren biktima dira, euskal gazteak eta langileak bezala. Azken horiek ikusten dute alokairuak igotzen direla eta ez soldatak beren lanpostuetan lehiatzeko pertsona gehiago iristen direlako.
Baina ez dago lanik ezta etxebizitzarik ere etorri nahi duten guztientzat. Afrika eta Latinoamerika osoa ez dira Euskal Herrian kabitzen. Sustatu behar da migratzaileen jatorrizko herrialdeetan garapen ekonomikoa, haiek hobeto bizi ahal izateko eta emigratzeko beharrik ez izateko. Salbuespena izango lirateke gerratatik ihes egiten dutenak edo jazarpen politikoa jasaten dutenak.
Aurreko puntuan esan bezala, Euskal Langileen Ezkerrak asilo eskubidea eta errefuxiatu izaera defendatzen ditu jatorrizko herrialdeetan gerrak jasaten dituzten guztientzat, baita horiek lan merkatuan sartzea errazteko inklusio politikak ere.
Era berean, atzerritarren eta bakarrik dauden adingabeen legeak aldatzea defendatzen dugu, gure erakundeek gerrarik edo jazarpen politikorik ez dagoen beste herrialde batzuetako erakundeek izan behar duten erantzukizuna bere gain har ez dezaten. Kasu horietan izan ezik, adingabeek beren familiekin egon behar dutela uste dugu.
Horrela saihestuko dugu Europar Batasunera iristeko haien bizitza arriskuan jarriz irabaziak lortzen dituzten mafien eskuetan amaitzea, eta guztiek ulertuko dute bizileku baimena lortzeko bidea lan kontratu duin bat dela, etxebizitza bat eskuratzeko eta laguntza publikorik behar izan gabe bizitzeko aukera ematen diena.
Migratzaileak lan merkatuan sartzeko asmorik gabe laguntza publikoetatik bizitzearen aurka gaude.
Gure kaleetan lanik gabeko etorkin gazteak egoteak eragiten du, ehunekotan, kolektibo horrek egindako delituak, lapurretak, indarkeriazko lapurretak, erasoak eta bortxaketak askoz gehiago izatea. Kontrolik gabeko migrazioa da, eta ez migratzaileak, prekarietate eta delinkuentzia arriskuko egoera horien erantzulea. Beti egongo gara inoiz justifikatu ezin diren delitu horiek jasaten dituztenekin, eta horregatik ELEk defendatzen du euskal herritarren aurka hainbat delitu egiteagatik atxilotutako pertsonak Euskal Herritik kanporatzea. Kasu horietan ebazpen azkarrak izateko baliabide judizialak eskatuko dira, zigorgabetasuna, berrerortzeak eta gure kaleetako segurtasunik eza saihesteko.
Euskal Langileen Ezkerra Kuban edo Sobietar Batasunean ezarritako migrazio ereduaren antzeko eredu solidario baten aldekoa da. Herrialde azpigaratuetako ikasle gazteei bekak eman behar zaizkie hemengo unibertsitateetan edo lanbide heziketan ikasteko, beren jatorrizko herrialdeetara itzuli eta bertan lan egiteko aukera izateko eta herrialde horiek azpigarapenetik ateratzen laguntzeko, Europan eskulan merke gisa esplotatu beharrean.
3 Osasuna indartzea, mediku eta osasun langileentzako plaza gehiagorekin
Gero eta zahartuago dagoen gizarte batean osasun publikoaren defentsa funtsezkoa da, eta medikuak, erizainak eta gainerako osasun profesionalak kontuan hartzen dituen eredua defendatuko dugu kalitate handienekoa izan dadin.
ELErentzat behar nagusia osasunean egiten den inbertsioa handitzea da. Mediku eta osasun langile gehiago behar dira, egungo lan gainkarga izan ez dezaten, pazientearen arreta hobetzeko eta itxaron zerrendak murrizteko. Horretarako, medikuntza eta erizaintzako plaza gehiago sortuko dira EHUn eta UPNAn Osakidetzan edo Osasunbidean lan egin dezaketen mediku eta osasun langile gehiago prestatzeko.
Kausa psikologikoek eta nerbio sistemakoek eragindako bajetan arreta indartzea defendatzen dugu, gaitzen jatorria bilatuz, gaixotasunak botikekin kronifikatu beharrean. Suizidioaren aurkako planak indartzea derrigorrezkotzat jotzen dugu.
Lan eta eskola eremuan jazarpenaren aurkako protokoloak eta neurriak ezartzea defendatzen dugu, lan absentismoa eta osasun mentaleko arazoak eta suizidio kasuak neurri handi batean murrizteko helburuarekin. Lan eta eskola eremu seguruek osasun mentala zaintzen laguntzen dute eta arrisku psikosozialengatiko absentismoa murrizten dute.
Horregatik, ikastetxeetan ongizate emozionala eta psikologikoa indartzea defendatzen dugu. Osakidetzako eta Osasunbideko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroak indartzea eta Hezkuntza Unitate Terapeutikoetako plazak handitzea defendatzen dugu.
4 Hezkuntza hobetzea, euskara eta euskal kultura defendatzea
Euskal Langileen Ezkerrak bere lehentasunetako bat du Hezkuntza Publikoa, baita ikasle guztiek etorkizunean euskara eta gaztelania eguneroko bizitzan eta lanean menderatu ahal izateko hezkuntza ereduaren aldeko apustua ere.
Irakasleen irizpideetan oinarrituta, kalitatezko hezkuntzaren alde egingo da, gazteek ahalik eta gehien ikas dezaten eta uneko errealitatearekin bat etorriz presta daitezen.
Eskola orduetan mugikorrik gabeko ikastetxeak nahi ditugu. Paperezko liburua euskarri nagusi izan behar da lehen etapetan, eta teknologia helburu pedagogikoa duenean bakarrik erabili beharko litzateke.
Burokrazia gutxiago izan behar dute irakasleek eta irakasteko denbora gehiago. Zentzu horretan, irakasleei eskatzen zaien dokumentazioa sinplifikatu beharko litzateke. Programazioak labur eta egonkorrak izan beharko lirateke eta ikastetxeetan administrazio laguntza ere jaso beharko lukete. Tutoreek tutoretza lanetarako irakastordu gutxiago izan behar dituzte, eta lan horrek eskatzen duenarekin bat datorren ordainsari osagarria jaso beharko lukete.
Irakasleen babesari buruzko lege esparru bat defendatuko dugu, doako aholkularitza juridiko eta psikologikoarekin, erasoen aurrean protokolo argiekin eta ikasleekin edo familiekin gatazkak daudenean administrazioaren benetako babesarekin.
Profesional gehiago behar dira ikastetxeetan. Irakastorduak eta gela bakoitzeko ikasle kopurua pixkanaka murriztu beharko lirateke eta plantillak laguntza profesionalekin indartu (pedagogia terapeutikoa, orientazioa, gizarte hezkuntza eta psikologia), osasun- eta gizarte-zerbitzuekin koordinazioan.
Euskara da euskaldunon hizkuntza eta euskara erabiltzea, babestea eta sustatzea da euskaldunon betebeharra. Euskararentzat mehatxurik handienak Estatu espainiarrak bultzaturiko kultur asimilazioa eta globalismo neoliberala dira. Hori dela eta, euskaraz mintzo ez direnen euskalduntzea bultzatzea da euskaldunon eginbeharra. Horretarako, gure hizkuntzari duen garrantzia aitortu behar zaio. Jakitea bultzatu behar da administrazio publikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, eta oro har publikoari zuzenduta dagoen edozein lanetan.
Kalean euskararen presentzia areagotu behar da. Saltokietako eta ostalaritzako establezimenduetako kartelak euskaraz jartzea sustatu behar da, eta horretarako diru laguntzak hornitu behar dira, bereziki saltoki txikietan.
Migratzaileei euskara eta euskal kultura ikasteko benetako erraztasunak eman behar zaizkie, hizkuntza eta euskal kulturan murgiltzeko doako programa publikoen bidez. Atzerriko kulturak eta hizkuntzak sustatzen dituzten ekimenei eta ikas programei dirulaguntzak kentzea defendatzen dugu. Trukean, etorkinen integrazioa indartzea, euskal kultura, historia eta hizkuntza ezagutaraztea eta lotura emozionala sortzea helburu duten programak bultzatzea defendatzen dugu.
Euskararen presentzia sustatu behar da kanpo publizitatean (euskarri digitaletan, paperean etab.), irratian eta telebistan, iragarleei zerga abantailak edo tasetan deskontuak eskainiz. Enpresa pribatuetan ere bi hizkuntzetan arreta emateko laguntzak egon behar dira.
Euskararen defentsan, onartu behar da pertsona askok ez dutela izan euskara ikasteko aukerarik. Nafarroan, adibidez, eskualde bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa errespetatu behar da, eta hizkuntza errealitatera egokitutako euskalduntze planak garatu behar dira.
Euskara gutxiago erabiltzen den eremuetan, doako ikastaroak, kultur jarduerak eta borondatezko parte hartzea lehenetsi behar dira. Euskara ikasi nahi duten herritarrei aukera errealak eskaini behar zaizkie, adina, egoera ekonomikoa edo aurretiko hizkuntza ezagutza edozein dela ere.
Euskararekiko atxikimendua sustatu behar da, hizkuntza herritarren arteko hurbiltasunerako eta komunitate loturak sendotzeko tresna gisa aurkeztuz. Euskara inposatu beharrean, euskararekiko maitasuna zabaldu eta euskara ikasteko erraztasunak eman behar zaizkie herritarrei. Helburua da euskararen ezagutza eta erabilera handitzea, errespetatuz herritarren parte hartzea, borondatea eta eskualde bakoitzeko errealitatea.
5 1.500 euroko LGS, gutxien irabazten dutenentzako zerga-murrizketa, gutxieneko errenta eta 65 urterako erretiroa
Euskal Langileen Ezkerrak defendatzen du lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) ezin dela berdina izan Espainiako Estatuko lurralde guztietan, eta bakoitzeko bizi kostuaren arabera aldatu behar dela, batez ere etxebizitzaren prezioaren arabera. Euskal lurraldeen kasuan, 1.500 euro gordineko hamalau ordainsari izan behar dituela uste dugu.
Soldata txikienek PFEZean, hiri OHZn, irakaskuntzako matrikuletan, garraioan eta kirol instalazio publikoetan ordaintzen dutena murriztea defendatzen dugu.
ELEk gutxieneko errenta proposatzen du iraupen luzeko langabeentzat, kotizatutako urteen arabera, eta lan merkatura itzultzeko aukera ematen dieten neurriak eta laguntzak defendatzen ditu, batez ere 52 urtetik gorakoei zuzenduta.
Euskal Langileen Ezkerrak, era berean, defendatzen du erretiro adinak 65 urtera itzuli behar duela, gutxieneko eta gehieneko pentsio arrazoizkoak izan behar direla, eta pentsioen iraunkortasunak eta zenbatekoak ezin diela kalterik egin egungo langileei, aurrekoek baino gehiago lan eginaraziz edo gutxien kobratzen dutenen diru sarrera garbiak murriztuz.
6 Bakearen aldeko apustua, NATOtik irtetea eta neutraltasuna
Euskal Langileen Ezkerra edozein gerratan parte hartzen duten aldeei armak edo dirua bidaltzearen aurka dago, Ukrainako gerran gertatzen ari den bezala, eta gatazka guztiak negoziazioaren eta akordioen bidez konpontzea defendatzen du. Gerran dauden herrialdeetako herritarrak jarrera belizisten biktima dira, eta gatazka horien ondorioek euskal herritarrei ere eragiten diete.
Ukrainako gerra amaitzeak errefuxiatuei euren herrialdera itzultzeko aukera emango lieke, eta gaur egun bizi diren etxebizitzak beste langile batzuen eskura jartzea ahalbidetuko luke. Era berean, Errusiarekiko harremanak berreskuratzeko eta herritarrei onura baino kalte handiagoa eragiten dieten zigor ekonomikoak bertan behera uzteko aukera zabalduko luke.
Bestalde, ELE Palestinako herriak jasaten duen indarkeriaren aurka dago. Gastu militarra murriztea eta NATOtik irtetea defendatzen ditu aldi berean, Estatu Batuek gastu militarra handitzeko egiten dituzten eskakizunei men egin gabe.
Suitza dugu horren adibide, Europako herrialderik aberatsenetako bat baita. NATOko kide izan gabe eta armada handirik eduki gabe, herritarren segurtasuna bermatzeko gai da. Hain zuzen ere, neutraltasun-eredu hori defendatzen dugu Euskal Herriarentzat.
7 Jaiotzarako laguntzak eta haurrak eta adinekoak zaintzeko kontziliazioa
Euskal Langileen Ezkerrak seme-alabak dituzten familiei laguntzea defendatzen du, gure etorkizuna horren mende dago eta. Kontziliazioa ere erraztu behar da seme-alabak zaindu eta hezi ahal izateko.
Euskal gazteei familiak sortzen lagundu behar zaie, euskal nortasun kulturala mantentzeko beharrezkoa delako, eta horretarako funtsezkoa da etxebizitza eskuratu ahal izatea.
Era berean, ELEk neurriak eta dirulaguntzak defendatzen ditu, seme-alabek gurasoak zaintzeko aukera izan dezaten eta ahalik eta adineko gehienek beren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izan dezaten, egoitzetara joateko beharra atzeratuz edo saihestuz.
Horrela, egoitzetan plaza gehiago egongo lirateke behar dituztenentzat, gure adinekoei ahalik eta arretarik onena eskaintzeko, familien diru-sarreren araberako prezio eskuragarrietan.
8 Baserritarren eta arrantzaleen defentsa, ekologismoa, garraio publikoa eta energiaren prezioei mugak jartzea
Euskal Langileen Ezkerrak euskal baserritarrak eta arrantzaleak defendatu eta babestuko ditu beti, eremu guztietan, eta haiekin batera bilatuko ditu nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bidez kalitate handiagoko eta hurbileko elikagaiak eskaintzeko formulak. Gainera, gure mendiak, ibaiak eta itsasoa garbi eta zainduta mantentzen laguntzen dute. Klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko lanetan ere talde ekologisten iritzia kontuan hartuko da.
Alferrikako burokrazia eta elikagaien prezioak garestitzen dituzten gainkostu guztiak ezabatzea defendatzen dugu. Kalitate-kontrol gutxiago dituzten herrialdeetatik elikagaiak masiboki inportatzeko akordioen aurka gaude, gure baserritarrei kalte egiten dieten lehia desleiala eragiten dutelako.
Maiztasun eta prezio egokiak dituen garraio publikoaren eredua defendatuko dugu, baita hirietan bizikletaz eta patinete elektrikoz mugitzeko bidegorri-sarea ere, herritarrek beren ibilgailuak gutxiago erabil ditzaten. Horrela, erregai-kontsumoa murriztu eta prezioak jaistea sustatu nahi dugu, beharrezkoak ez diren inposiziorik gabe eta Eskandinaviako herrialdeetako esperientziarik onenei jarraituz.
ELEk energiaren eta gasolinaren prezioei mugak jartzea defendatzen du, baita gasolioaren, gasolinaren, argindarraren eta gasaren BEZa prezioarekin batera ez handitzea ere. Horretarako, litroko edo kontsumitutako unitateko zerga finko bat ezartzea proposatzen du, prezioa edozein dela ere. Halaber, gasolioaren prezioaren igoera jasanezinak kaltetutako nekazariei, abeltzainei, arrantzaleei, garraiolariei eta gainerako profesionalei zerga-murrizketak aplikatzea defendatzen du, kostu horiek herritarrek ordaintzen dituzten prezioak garestitu ez ditzaten.
Gure burujabetza energetikoa berreskuratu behar dugu, energia merkeagoa sortzeko, gure enpresak lehiakorragoak izan daitezen eta ekoizpen-kate guztietako kostuak jaitsi daitezen. Baita etxeetako berokuntzaren kostua merkatzeko ere.
9 Enpresa produktiboaren eta kooperatiba-ereduaren alde
Euskal Langileen Ezkerrak enpresa-eredu produktibo bat defendatuko du, garai berrietara egokitu eta lehiakorra izan dadin, eta horrek langileen baldintza ekonomikoak hobetzea ekar dezan. Hori da, aldi berean, langileen bizi-maila eta diru-sarrera publikoak handitzeko modurik onena.
Kooperatibak beharrezkoak dira, subiranotasun ekonomikoa indartzen baitute. Kooperatibak sortzea logika neoliberaletik kanpoko eremu ekonomikoak eraikitzeko aukera praktiko sendoenetako bat da. Kooperatiba-ereduak kapitalaren metaketaren eta hierarkia bertikalaren ordez barne-demokrazia eta komunitatearen onura lehenesten ditu. Pertsonak eta lana kapitalaren gainetik jarriz, kooperatibismoak lan-harremanak eta aberastasunaren banaketa oinarritik eraldatzen ditu.
Enpresak sortzea eta haien lehiakortasuna sustatuko ditugu, eta autonomoak defendatuko ditugu, babesik gabeko langileak baitira eta sistemak korporazio handiak balira bezala tratatzen baititu. Erreforma justua defendatuko dugu, kuota egokituekin eta benetako gizarte-babesarekin, zama burokratikoak eta fiskalak arintzea ahaztu gabe. Fakturazio txikiko autonomoak BEZetik salbuestea ere defendatuko dugu.
ELEk turismo-eredu jasangarriago bat aztertzeko konpromisoa hartzen du. Bai Bilbon, gurutzaontzien turismoaren kasuan, bai Donostian, bi hiriek jasaten duten presio turistikoa arintzen saiatuko gara, gehieneko edukiera arautzea bezalako mekanismoen bidez. Horretarako, indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen mugak kontuan hartuta, Veneziako ereduari jarraituz edukiera-mugak ezartzea proposatzen dugu. Neurri honen helburua hiriguneen masifikazioa saihestea da, turismo-fluxuak beste udalerri eta lurralde batzuetara bideratuz eta haietan turismoa sustatuz, bertako garapen ekonomikoa bultzatzeko.
10 Emakumeak eta gizonak. Aukera-berdintasuna
Berdintasun materiala, ekonomikoa, eta aukera-berdintasuna defendatzen ditugu, benetako arazoei heldu gabe gizarte-kohesioa zatitu eta ahultzen duten identitate-politikak gaindituz.
11 Kirol herrikoiaren, euskal selekzioen ofizialtasunaren eta kirolarien sustapenaren alde
Euskal Langileen Ezkerrak garrantzi handia ematen dio kirol-jarduerak gazteen osasunean eta prestakuntzan duen eraginari, eta ahalik eta jende gehienak kirola egitea sustatuko du.
Instalazio publikoetan pertsona guztiek kirola egitea sustatuko dugu, prezio herrikoietan, erretiratuek eta 60 urtetik gorakoek ere instalazio horiek erabili ahal izateko. Izan ere, osasun-gastuak murrizteko inbertsiorik onenetako bat da.
ELEk, era berean, euskal selekzioen ofizialtasuna defendatuko du eta ahal duen guztia egingo du hori lortzeko. Dagoeneko ofizialtasuna lortu duten selekzioak eta euskal goi-mailako kirolariak sustatzen dituzten taldeak ere babestuko ditu.
12 Gastu politikoa murriztea
Euskal Langileen Ezkerrak kudeaketa-eredu desberdin bat defendatuko du, herritarren ongizatearen oinarri diren lau zutabe publikoetara bideratutako aurrekontu-partidak handitzea lehenetsiz: etxebizitza, osasuna, hezkuntza eta pentsioak. Horretarako, kudeaketa hobetu beharko da, langile publikoen irizpideetan oinarrituta, politikarienetan baino gehiago, beste aurrekontu-partida batzuk murrizteko. Horietako bat gastu politikoa izan behar da.
Lanaldi osoko kargu publiko guztien soldatentzat muga bat defendatuko dugu, bokazio publikoa interes ekonomiko pertsonalaren gainetik jarriz. Salbuespenak erantzukizun handieneko karguetan egingo dira, pertsonarik kualifikatuenak erakartzeko. Kasu horietan, eszedentzia hartu duten enpresetan jasotzen zuten soldata berdindu ahal izango da.
Sistema honen ondorioak gehien pairatzen dituzten herritarrak ordezkatu nahi baditugu, ELEko ordezkariok gehienez langileen batez besteko soldata kobratzeko konpromisoa hartzen dugu: urtean 35.000 euro gordin lanaldi osoko karguetan. Beste gehiengo politiko batzuek soldata handiagoak ezartzen badituzte, gure kargu publikoek batez besteko soldataren muga errespetatuko dute, eta soberakina Euskal Langileen Ezkerraren egitura indartzera eta lurralde bakoitzean haiek hautatzen lagundu duten pertsonengana bideratuko da.
Konfiantzazko karguak eta aholkulariak ahalik eta gehien murriztuko dira, eta arlo bakoitza ezagutzen duten funtzionario publikoen irizpideetan oinarrituko gara erakunde bakoitza hobeto kudeatzeko. Faboritismoari aurre egingo diogu, baita alderdi politikoetatik enpresa edo erakunde publikoetara dagozkien hautaketa-prozesuak gainditu gabe egiten diren kontratazio guztiei ere.
Gastu politikoa ez da horretara mugatzen. Politikariek erabakitzen dituzten esleipenak ere hor sartzen ditugu. Zorrotz kontrolatuko dira, eta alderdi politikoekin lotutako enpresei kontratuak esleitzea saihestuko da kosta ahala kosta.
Ustelkeria saihesteko, irizpide objektiboak nagusitu beharko lirateke, esleipen bakoitzean lehiatzen direnen kalitatea eta prezioa kontuan hartuta, politikarien irizpide subjektiboen gainetik. Horretarako, funtsezkoa da kontratazioaren baldintza-agirietan eskakizun guztiak argi zehaztea, irregulartasunak eta gainkostuak saihesteko.
Euskal Langileen Ezkerrak dauden azpiegiturak egoera onean mantentzea defendatuko du, langile publikoen bidez.